Ezkuztan (Azpeitia) agertu ziren 14.000 urte inguruko bi hagaxka aurkeztu dira

Historiaurrea / Arkeologia indusketa

Astelehena, 2014eko azaroaren 10a — CEST

Irakurketa: 2 minutu

Ikerbasqueko ikerlari eta Aranzadiko kide den Mari Jose Iriartek aurtengo aurkikuntza arkeologikorik garrantzitsuena aurkeztu zuen joan de asteazkenean: Azpeitiako Ezkuzta koban agertu ziren bi hagaxka apainduak.

Inork espero ez zuen aurkikuntza izan da Ezkuztakoa, bereziki aparteko kalitatea duten bi pieza direlako, erdi Madeleine aldikoak (14.000 urte inguru). Izan ere, tamaina honetakoak ez dira osorik agertzen, Iberiar penintsulan bakarrak dira Azpeitiakoak. Hagaxkek hogei zentimetrotako luzera dute eta orein edo elur-orein adarrezkoak dira, aurrealdea kenduta beste alde guztietan apaingarriak grabatuak dituztelarik.

Aurkikuntzaren kronologia

Koba Antxieta Jakintza Taldeak deskubritu zuen eta Aranzadirekin batera lanean ibili dira aztarnategi oparo honetan. Piezak 2012 eta 2014ko kanpainetan deskubritu zituzten. Metro karratu berean zeuden kokatuak, bata beste baino sakonago lurperatuta, kobaren izkina batean.

Erabileraren aldetik, apaingarri hutsak zirela ondorioztatu da. Hagaxka ganbil hauek kontu handiz sortu zituzten, silex mehe-mehea erabili baitzen grabatuak egiteko. Gainera, trazu bakarrean egin omen ziren, zuzenketarik gabe.